Artaza kanpina berezia da: hemen garrantzitsuena ez da negozioa egitea, ingurumena eta natura errespetatzea baizik. Xarma berezia du, artisauen pazientziaz eraikia izanik, xehetasun eder eta naturalez josita baitago.

Basoz inguratuta gaude, inguru ezin hobean, Ameskoa bailaran, Lizarratik 18 km-ra. Bertan ditugu Urbasako Natur Parkea, Lokiz mendilerroa eta Urederra ibaiaren iturburua.

Horrenbestez, toki paregabeak ditugu txangoak egiteko, edota BTT, eskalada, espeleologia eta abar praktikatzeko.

Gainera, Finlandiako gauzarik ederrenetako batzuk ekarri ditugu bertara, zure gozamenerako: bi sauna finlandiar (upel itxurakoak), Laponiako samien “kota” bat eta kanpoan dagoen bainuontzi bero bat, neguan ere bero-bero egon ahal izateko. Dena egurrez eginda dago, eta egurrez berotzen da.

Erabiltzen dugun argindarra geuk ekoitzia da, eguzki plaken eta haize erroten bidez, energia garbi eta berriztagarrien aldeko apustua egin baitugu.

Etxeko menuak eskaintzen ditugu gure jatetxean, baina zeure janaria ekarri eta bertan jan nahi baduzu, lasai egin dezakezu, kanpoan dituzun egurrezko mahai eroso batzuetan. Edariak gure tabernan hartzea besterik ez dizugu eskatuko.

Mugikortasun arazoak edo ezintasun fisikorik baldin baduzu, ez zenuke arazo handirik izan behar kanpinean mugitzeko, irisgarritasuna zaintzen saiatu baikara.

Nekazaritza eta animaliak maite ditugunez, baratzea, oiloak eta ardiak zaintzen eta hazten ditugu.

Zure animaliak ere ongi etorriak dira! Hori bai, saia daitezela gureak errespetatzen, bai?

Ongi etorri, eta asko gozatu gure artean!